jueves, 29 de noviembre de 2012

Bagoaz...

Azken gogoeta

Gogoan dugu oraindik Informazio Komunikazio eta Teknologia ikasgaiko klase praktikoak hasi genituen eguna. Ez genekien zertaz jardungo genuen klase honetan, zer ikasteko aukera izango genuen. Komunikazio eta teknologia berriak egunerokotasunean erabiltzen baditugu ere, zer erlazio izan dezakete hauek haien artean? Hezkuntzan zer landu dezakegu aspektu honetan? Zalantza hauekin hasi genituen klaseak, eta zorionez, gaur, klaseko azken egunean, gai honetaz askoz gehiago dakigula esan dezakegu. Baliagarri iruditu zaizkigu egin ditugun lan guztiak, jarraian azalduko dizkiezuegunak, askotan hauek burutzerako orduan nagikeriak gure gogoekin amaitzeko bidea izan duen arren. 

Lehen klasean, ikasgaiari hasiera emateko, irakaslearen blog den "Kilikatik" ezagutu genuen, haren nondik norakoak eta egitura aztertuz. Komunikazio eta teknologia berrien arloan hasiera batean genituen ezagutza eta sentsazioak ezagutzeko eta azaleratzeko, abesti lasai bat entzutearekin batera, momentuan sentitzen genituen erresistentzia eta baloreak adierazi behar izan genituen, geroago, taldeko kideekin konpartitu ahal izateko. Horrela, beraz, IKT-en munduan murgildu ahal izan ginen, beranduago, sakontasun handiagoetan sartzeko asmoz. 

Datozen klaseetan, jada, hasiera eman genion ikasgaiaren haria izango zenari. Gogo eta ekimen handiz, gure blog propioa sortu genuen, tresna berriak arakatzeko aukera izanez. Sormena izan zen nagusi klase honetatik hasita, taldeko kide guztien baliabideak uztartuz, eraiki baitugu guztia, bertatik abiatuz, pausoz pauso lan eginez, heldu gara amaieran lortu dugun emaitza nagusira. Ilusio handiz, gainera, taldearen izena eta logoa pentsatu genuen, honek, nortasun handi bat eman eta beste taldeetatik alderatuko bazigu bezala.

Behin blog-a bideratuta izan genuenean, ikasgaiko putzu sakonenean sartzeko momentua iritsi zitzaigun. Talde bakoitzak, gai konkretu bat aukeratu behar izan genuen, IKT-ekin erlazioa zuena eta guretzat interesgarria izan zitekeena. Gure taldearen kasuan, hasieran hainbat zalantza izan ostean, irakaslearen laguntzaz poster digital eta infografien inguruko gaia aukeratu genuen. Hauen inguruan ezagutza asko ez genuenez, hutsetik hasitako ikerketa lana suposatu du taldearentzat. Aipatu beharra dago, esperientzia hau burutzea oso aberasgarria izan dela gure etorkizunerako, irakasle gisa jarduten dugunean, Lehen Hezkuntzako klase batean bideratzeko elementu baliagarriak ezagutu eta gainontzeko taldekideekin konpartitzeko aukera izan dugulako.

Ia konturatu gabe, gure lana aurkezteko eguna iritsi zen! Oso urduri sentitzen ginen arren, klaseko jendeak transmititutako interes eta segurtasunari esker, azalpenak ematerako orduan eta burutu beharreko jarduerak bideratzeko orduan lasaitasuna nagusitu zen guregan. Horrela, beraz, aurretik ikertutako guztia gainontzeko klasekideekin konpartitu eta esperientzia polit bat eraikitzea lortu genuen. 

Azkenik, aipatzekoa da, gainontzeko taldeek egin duten lana. Gure eta haien ikerketa sakonei eta hainbat ezagutza barneratzeari esker, klase guztiak IKT-en inguruko oinarrizko jakintzak izatea lortu dugu. Etorkizun batean, dinamikotasun handiz landu diren gai hauek baliagarri izango zaizkigulakoan gaude. 

Orain, beraz, agurtzea besterik ez zaigu geratzen! 

IKT-en inguruan eraiki dugun txoko hau eta helarazi dizkizuegun jakintzak baliagarri eta interesgarriak izan zaizuelakoan, 

Beste bat arte, 

Leire, Ariane, Maite eta Maider.

No hay comentarios:

Publicar un comentario