jueves, 29 de noviembre de 2012

Bagoaz...

Azken gogoeta

Gogoan dugu oraindik Informazio Komunikazio eta Teknologia ikasgaiko klase praktikoak hasi genituen eguna. Ez genekien zertaz jardungo genuen klase honetan, zer ikasteko aukera izango genuen. Komunikazio eta teknologia berriak egunerokotasunean erabiltzen baditugu ere, zer erlazio izan dezakete hauek haien artean? Hezkuntzan zer landu dezakegu aspektu honetan? Zalantza hauekin hasi genituen klaseak, eta zorionez, gaur, klaseko azken egunean, gai honetaz askoz gehiago dakigula esan dezakegu. Baliagarri iruditu zaizkigu egin ditugun lan guztiak, jarraian azalduko dizkiezuegunak, askotan hauek burutzerako orduan nagikeriak gure gogoekin amaitzeko bidea izan duen arren. 

Lehen klasean, ikasgaiari hasiera emateko, irakaslearen blog den "Kilikatik" ezagutu genuen, haren nondik norakoak eta egitura aztertuz. Komunikazio eta teknologia berrien arloan hasiera batean genituen ezagutza eta sentsazioak ezagutzeko eta azaleratzeko, abesti lasai bat entzutearekin batera, momentuan sentitzen genituen erresistentzia eta baloreak adierazi behar izan genituen, geroago, taldeko kideekin konpartitu ahal izateko. Horrela, beraz, IKT-en munduan murgildu ahal izan ginen, beranduago, sakontasun handiagoetan sartzeko asmoz. 

Datozen klaseetan, jada, hasiera eman genion ikasgaiaren haria izango zenari. Gogo eta ekimen handiz, gure blog propioa sortu genuen, tresna berriak arakatzeko aukera izanez. Sormena izan zen nagusi klase honetatik hasita, taldeko kide guztien baliabideak uztartuz, eraiki baitugu guztia, bertatik abiatuz, pausoz pauso lan eginez, heldu gara amaieran lortu dugun emaitza nagusira. Ilusio handiz, gainera, taldearen izena eta logoa pentsatu genuen, honek, nortasun handi bat eman eta beste taldeetatik alderatuko bazigu bezala.

Behin blog-a bideratuta izan genuenean, ikasgaiko putzu sakonenean sartzeko momentua iritsi zitzaigun. Talde bakoitzak, gai konkretu bat aukeratu behar izan genuen, IKT-ekin erlazioa zuena eta guretzat interesgarria izan zitekeena. Gure taldearen kasuan, hasieran hainbat zalantza izan ostean, irakaslearen laguntzaz poster digital eta infografien inguruko gaia aukeratu genuen. Hauen inguruan ezagutza asko ez genuenez, hutsetik hasitako ikerketa lana suposatu du taldearentzat. Aipatu beharra dago, esperientzia hau burutzea oso aberasgarria izan dela gure etorkizunerako, irakasle gisa jarduten dugunean, Lehen Hezkuntzako klase batean bideratzeko elementu baliagarriak ezagutu eta gainontzeko taldekideekin konpartitzeko aukera izan dugulako.

Ia konturatu gabe, gure lana aurkezteko eguna iritsi zen! Oso urduri sentitzen ginen arren, klaseko jendeak transmititutako interes eta segurtasunari esker, azalpenak ematerako orduan eta burutu beharreko jarduerak bideratzeko orduan lasaitasuna nagusitu zen guregan. Horrela, beraz, aurretik ikertutako guztia gainontzeko klasekideekin konpartitu eta esperientzia polit bat eraikitzea lortu genuen. 

Azkenik, aipatzekoa da, gainontzeko taldeek egin duten lana. Gure eta haien ikerketa sakonei eta hainbat ezagutza barneratzeari esker, klase guztiak IKT-en inguruko oinarrizko jakintzak izatea lortu dugu. Etorkizun batean, dinamikotasun handiz landu diren gai hauek baliagarri izango zaizkigulakoan gaude. 

Orain, beraz, agurtzea besterik ez zaigu geratzen! 

IKT-en inguruan eraiki dugun txoko hau eta helarazi dizkizuegun jakintzak baliagarri eta interesgarriak izan zaizuelakoan, 

Beste bat arte, 

Leire, Ariane, Maite eta Maider.

jueves, 15 de noviembre de 2012

Aurkezpenen bigarren astea!

Kaixo lagunak! Hemen gara berriz ere, iritsi baita berriz osteguna, aurkezpenak nagusi izango ditugun klasea.   Gaurko honetan, aurreko astean ez bezala, lau talderen aurkezpenak entzuteko aukera izan dugu, IKT-ekin erlazionatutako programa, aplikazio eta baliabideak ezagutzeko. Hala ere, klasearen hasieran, aurkezpenekin hasi aurretik, irakasleak gaurko klasearen sarrera txiki bat egin du, burua klasean kokatu eta lanari indartsu ekiteko. 

Ikuarkuntza taldea osatzen duten Arrate, Maria, Iraide eta Tamararen aurkezpenarekin eman diogu klasearen bigarren zati honi hasiera. Hauek, argazki errepositore eta argazki editoreen inguruko gaia landu dute, ikerketa sakon bat egin eta ondoren guri baliabide hauen berri emateko. Editoreen inguruko informazioa helaraziz hasi dute aurkezpenaren mamia, egitoreen definizioa, landutako editoreen (picmonkey, photoscape, editor de windows eta photoshop express) eta errepositoreen zerrenda (fotolog, picasa, flicker, twitpic), aplikazio bakoitzaren alde on eta txarren inguruko informazioa adieraziz. Talde honek landu duten gaiaren oinrrizko ezagutzak barneratzearekin batera, aurkezpenaren atal praktikoenari hasiera eman diogu. Oraingo honetan, haiek aurretik landutako editore batekin, hots, picmonkey-rekin, saltseatzen aritu gara. Horretarako, interneten aurkitu genezakeen eta argazkiak editatzea ahalbidetzen duen programa honen tutorial labur bat egin dute, ondoren, gure kabuz honakoa ezagutzeko eta kreazioaren bat sortzeko aukera emanez. Hori dela eta, klasekide guztiok, buru-belarri aritu gara programa honetan kuxkuxeatu eta gure argazki gustokoenak editatu eta politago sortzen. Sorpresa handia nabaritu da klasean, inork ez baitzuen horrenbeste baliabide erabiltzeko aukera ematen duen honako programa hau ezagutzen. Guztiok pentsatu dugu programa erabilgarria izan daitekeela picmonkey editorea, eguneroko argazkiak lantzeko, erabilera erraza eta aukera aniztasuna nagusitzen baitira. Sortutako kreazioen artean, jarraian txertatzen dizuegu gure taldean editatu ditugun hainbat argazki:



Picmonkey programarekin editatutako goiko argazkiak talde bakoitzak bere blogera igotzearekin amaitu da lehen talde honen aurkezpena. Aurkezpen oso interesgarria iruditu zaigula aipatzera behartuta aurkitzen gara, etorkizun batean, gazte eta ez hain gazteoi horrenbeste gustatzen zaizkigun argazkiak editatzeko bide berri bat ezagutu dugulako, hots, maiz gertatzen ez den bezala, klaseetan jasotako ezagutzak egunerokotasun batean erabilgarri suertatuko zaizkigula konturaraziz. 

Gaurko klase magistraleko bigarren aurkezpena, Leire, Maitane, Nekane eta Maialen klasekideek eratutako irtirinak taldearena izan da. Neskaz osatutako talde honek, eskola 2.0. izan du azken klaseetan lantzeko gaitzat, mugimendu honetan erabiltzen diren programa eta aplikazioak aztertu behar izan dituztelarik. Aurkezpenari hasiera emateko, eskola 2.0. mugimenduaren barnean, eskolan erabiltzen diren programa eta aplikazioen berri eman digute, klasean landu daitezkeen programa interesgarrien berri emanez. Programa horien artean aurkitu ahal izango ditugu, google maps, komikiak sortzeko programa... Azken hau izan da klasekideoi jarduera egiteko proposatu diguten programa, hots, komikiak sortzeko "BITSTRIPS" programa.  Interneten aurkitu dezakegun progama dugu honakoa, era askotariko komikiak sortzeko aukera ematen duena. Programa honek, bineta bakarreko edo anitzeko komikiak egitea, pertsonaia desberdinak erabili eta hauei mugimendua ematea, irudi desberdinak txertatzea, testuak erabiltzea... ahalbidetzen du, ikasle bakoitzaren gustuaren arabera. Honako programa hau, eskolan IKT-ak lantzeko eta garatzeko oso egokia dela iruditzen zaigu, ikasleak, era dibertigarri eta dinamiko batean komikiak sortzeko aukera ematen duelako, alde batetik sorkuntza maila eta bestetik literatura lantzeko aukera ematen duelako. Ikasle bakoitzak bere komiki biñeta egiten amaitu ostean, honakoa blog-era igotzeko pausuak azaldu dizkigute. Hori dela eta, jarraian aurkezten dizuegu, gure taldean sortu diren lau komikietako hiru. 
Aipatu beharra dago, "BITSTRIPS" programa erabiltzen jakiteko hainbat pausu azaldu dutela taldeko kideek, horrela, komikiak sortzerako orduan oinarrizko jakintzak izan ditugularik. Komikak egiteko programa honekin amaitu ostean, aurkezpenari amaiera emateko, aurkezpen guztian zehar erabili duten eskola web 2.0.-ko erreminta ezagunenetariko bat, hots, arbel digitalarekin jarduera txiki bat proposatu dute, nahi zuten ikasleak arbelaren erabilera ezagutzeko. Horretarako, talde aurkezleak, haiek burututako aurkezpenarekin erlazionatuta hitz bat arbel digitalean idazteko bolondresak eskatu dituzte. Ekintza hau burutzearekin batera eman diote amaiera haien aurkezpenari.

Goizeko 11:20 aldera eman diote hasiera hirugarren taldeak haien aurkezpenari. Naroa, Libe eta Jaionek lantzeko izan duten gaia, sare sozialen inguruko izan da. Haien azalpenak ematen hasi aurretik, taldekide hauek klasean galdera bat proposatu dute, egunero erabiltzen ditugun sare sozialak guretzako zer diren galdetuz. Hainbat ideia klasean komentatu ostean, haiek sare sozialak zertarako balio duten azaldu digute, haien ikuspuntua eta informazio gainontzeko guztiei helaraziz. Power point bidez emandako hasierako azalpenetan, sare sozialak hezkuntzan nola txertatu, irakasleek egin beharreko lana... eta beste hainbat datu interesgarri eman dizkigute. Sare sozialen barruan, gaur egun modan dagoen plataforma bat aurkezteari hasiera eman diote power pointarekin amaitu ostean, twitterrari hain zuzen. Talde honek @IKTjolasten izeneko twitter bat ireki zutela adierazi digute, (https://twitter.com/IKTjolasten) bertan twitten bidez, txapelketa bat antolatuz. Hala ere, jendeak twitter hau bisitatu ez duenez, arazoak medio, txapelketa aurkezpen eguneraino luzatu behar izan dutela adierazi ziguten. Txapelketan parte hartu ahal izateko, taldeko kide batek twittera izatearekin nahikoa zela adierazi eta argazki dibertigarri bat ateratzeko eskatu digute. Argazkiarekin batera, esaldi bat twiteatu behar izan geneun IKTjolasten twitterrean. Hori dela eta, atsedenaldia aprobetxatuz, gure taldea gogotsu argazki dibertigarri bat ateratzera abiatu ginen, lehiaketa irabazteko asmoz. Jarraian txertatzen dizuegu, talde bakoitzak ateratako argazkia. Kontuan izan gurea guztietan lehenengoa dela, klasean egindako bozkaketaren ondoren, irabazle suertatu baiginen. Horrela amaitu zen talde honen aurkezpena.

IRABAZLEAK! Kolore kolore ta gustu guztiak!

Aurkezpen taldearen argazkia

Ikuarkuntza- magisteritza da bizitza!

Kliklikatzen- Ikateatzen!

Irtirinak- Ekipo!

Bi talderen argazkiak falta dira goiko aldean, ez baitugu hauek lortzeko aukerarik izan. 

Orain bai! Iritsi da zueri gaurko klaseko azken aurkezpenaren berri emateko momentua. Leire, Jone, Ane eta Neguek egindako aurkezpena izan zen honakoa, mapa mentalen gaia oinarritzat zuena. Aurkezpenari hasiera emateko, mapa mentalen definizioaren berri eman digute, hauek zer diren eta zertarako balio duten adieraziz. Horrekin amaitu ostean, mapaa mentalak burutzeko hainbat programa daudela adierazi digute, horien artean, power point, cmap tools eta spycnodes programak aurkitu genezakeela azalduz. Bide batez, aipatutako programa hauen alde on eta txarrak azaltzen jardun dute. Mapa mentalek eskolan izan dezaketen erabilera azaltzen hasi direnean, Lehen Hezkuntzako ikasleentzat programa hauek erabiltzea guztiz egokia iruditzen ez zaiela azaldu digute. Haien ustez, egokiagoa izango da, lehendabizi ikasleek mapa mentalak zer diren ikastea, programa hauek beranduagoa, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan esaterako, ezagutu ahal izateko. Hori dela eta, mapa mentalak gaitzat hartuta, teknologiak alde batera utzi eta eskuz sortutako jarduera bat burutzen jardun dugu. Horretarako, aurkezpen taldeak, gainontzeko talde guztioi gai jakin baten inguruko (animaliak, kirolak, janariak...) eskema bat banatu digute, hutsuneak zituena. Hutsuneak bete ahal izateko, ikasgelako paretan itsatsi dituzten "post-it"ak aukeratu behar izan ditugu. Honen bitarteaz, klaseari mugimendua ematea lortu dute, guztiok buru belarri eskema bete ahal izateko kontzeptuak aurkitzen jardun baitugu. Behin talde guztiek eskema beteta genuenean, taldekide bat klasearen aurreko aldera atera eta haiek  burutu dutena, hots, aurrean zuten eskema, azaldu behar izan diete gainontzekoei. Gure kasuan, egokitu zaigun gaia "animaliak" izan da, jarraian argazkian ikus dezakezuen eskema bete dugularik. Jarduera hau burutzearekin batera eman dio taldeak amaiera bere aurkezpenari.

Klasea amaitzeko, irakaslearen aholku batzuk entzun ditugu, geratzen zaigun lana antolatu eta azken klasean egin beharko dugunaren berri izanez. Etxera joan aurretik, beti bezala, gako-hitzak esan ditugu.

Hau izan da guztia gaurkoz, datorren astean ez gara hemen izango, modulu astea dugu eta! Baina, ez kezkatu, azaroaren 29an izango gara bueltan, IKT ikasgaiko azken klasea izango den horretan!

Ordura arte, agurtzen gara.

Laupuntozero taldea.





jueves, 8 de noviembre de 2012

Lehen aurkezpenak!


2012-11-08

Aurreko astean izan genuen zubiaren ostean, hemen gara berriz zuekin klasean egindakoa konpartitzeko! Gaurko klase praktiko honetan, orain arte talde bakoitzak landutako gaiaren inguruko aurkezpenekin hastea egokitu zaigu. Azaroaren 8 honetan, hiru talderen aurkezpenak jaso behar izan ditugu: Epoppy taldea, kiwiak eta gure taldea, laupuntozero taldea hain zuzen. Beraz, gaurko honetan, hiru ordu hauetan jaso ditugun aurkezpenen inguruko sintesi bat burutuko dugu blog-ean irakurle guztiekin konpartitu ahal izateko!

Lehen aurkezpena, Jon, Rikar, Lander eta Anderrek burututakoa izan da, Epopy taldea osatzen duten lau kideek hain zuzen. Haiei egokitutako gaia, bideo edizioarena izan da. Aurkezpenarekin hasteko, power point baliabidea erabiliz, bideo edizioa ahalbidetzen duten hainbat programaren inguruko informazioa aurkeztu digute: Flixtime, movavi, nchsoftware, kaltura, pixorial eta clipnabber programen ingurukoa. Hauen inguruko informazio orokorra ematen amaitu ostean, azaldu dituzten programa hauen desabantaila nagusiena aipatu digute, hain zuzen, interneten dauden programak direla. Hori dela eta, baliagarriago eta ezagunago den movie maker programaren azalpenari hasiera eman diote. Azalpenari ekin aurreitk baina, taldeka burutu beharreko jarduera azaldu digute: movie makerrean, istorio bat sortu behar izan dugu, interneteko argazkiak erabiliz. Horretarako, baina, tutorial erako aurkezpena egiten jardun dute taldekideek, pausoz- pauso eman behar genituen urratsak azalduz (gaia eta argazkiak aukeratu, hauek movie maker-ean sartu...) Horrela, haien pausoei jarraiki, talde bakoitzak gai desberdin baten inguruko bideo bat sortu du. Guk, talde bezala sortu dugun istorioa, honako hau izan da: Miren izeneko neskato ileori bat kalean oinez doa, lurrean aurretik norbaitek galdutako diru mordo bat ikusten duelarik. Neskatilak dirua hartu eta goxoki denda bat ikusita, bertara abiatzen da, goxoki poltsa erraldoi bat erosten duelarik. Dendatik irten bezain pronto, goxoki guztiak arrapalada bizian jan eta izugarrizko tripako mina hasten zaio Mireni. Hori dela eta, ziztu bizian etxera abiatzen da, amari gertatutakoa kontatzera. Ama, haserre bizian jarri eta Mireni errieta egiten dio, pentsatzeko txokora esertzera bidaliz. Miren triste-triste bertara abiatu eta denbora bat negarrez aritu ostean, amarengana joaten da barkamena eskatzera, horrelakorik berriz gertatuko ez dela esanez. Amak Miren barkatu eta besarkada handi bat ematen dio, oraindik tripako minez, neskatoa ohera laguntzen duelarik. Bideo hau sortzeko, internetetik jasotako argazkiak erabili ditugu, ondoren, izenburu, trantsizio eta efektu desberdinak txertatuz. Horrela eman diogu amaiera gaurko lehen aurkezpenari.

Bigarren aurkezpena, Janire, Ainara, Iraide, Lander eta Anderrek osatutako Kiwi taldearen eskutik jasoa izan da. Hauek, power point eta prezi-aren inguruko ikerketa sakona aurkeztu digute. Programa bien inguruko informazio orokorra ematen hasi dute beraien aurkezpena. Lehendabizi, Prezi programaren inguruko nondik norakoak aurkeztu dizkigute, zer den, honen erabilera eta eskolan eman ahal zaion erabilera Prezi baten bidez adierazi dutelarik. Honekin amaitu ostean, power pointaren inguruko puntu desberdinak azaldu dizkigute, power point bera baliabide iturri gisa erabiliz: zer da power pointa, nola erabili power pointa, aurkezpen baten sorrera, nola sartu testua aurkezpen batean, grafiko eta irudien gehitzea eta azken emaitza izan dira azaldu dituzten puntuak. Bi programen aurkezpenarekin amaitu ostean, gure parte-hartzea ahalbidetzeko lehen jarduera proposatu digute. Jarduera honetan, taldeka, haien pausoei jarraitutako power point bat sortu behar izan dugu. Lau diapositibaz eratutako power pointa izan da, honako hauek azaltzen direlarik bertan:
- Lehenengo diapositiba: Pertsonaia famatu baten izena (Homer Simpson) eta bere argazki bat.
- Bigarren diapositiba: Pertsonaia famatu honen gaztaroaren inguruko hainbat ezaugarri.
- Hirugarren diapositiba: Pertsonaia famatu honen biografia laburra.
- Laugarren diapositiba: Bibliografia.

Power pointa sortzen amaitu ostean, preziaren tutorial pausatu batekin, preziaren munduan integratzeko aukera izan dugu, azpian aurkitu zenezaketena sortuz. Power point eta preziren bozkatze bat egitearekin batera amaitu du bigarren taldeak haien aurkezpena. Aipatu beharra dago irabazlea power point programa izan dela.



Porgramen aurkezpenarekin amaitu ostean, eduglogster programaren tutorial bat egin du Maiderrek, bitartean, klasekide guztiak, berak esandako pausuak jarraitzen zituztelarik. Horrela, ikasle guztiek, programa honen erabilera ulertu ahal izan dute, oinarrizko elementuak ezagutu eta haiekin saltzeatzen ibili direlarik. Behin tutorialarekin amaitu ostean, haiek taldeka egiteko jarduera bat proposatu diegu: taldeka jarrita, poster digital bat sortu behar izan dute, gaurko klasea eta orain arte egindakoa gaitzat hartuz. Horretarako, 15 minutu eman ostean, hainbat taldek sortutako posterrak ikusi ahal izan ditugu guztiok.

Hona hemen talde batzuek sortutako poster digitalak:

Glogster programari amaiera eman eta gero, Arianek, Wordle programa aurkeztu du, hitzen kreazioak sortzen dituena hain zuzen. Horretarako, klasekide bakoitzari burura datorkion hitz bat esateko eskatu dio, bitartean hauek apuntatzen joan delarik. Amaitu ostean, wordle bat sortu eta honen inguruko oinarrizko informazioa eman die gainontzeko klasekideei.

Klasearekin amaitzeko, Alaitzek hobekuntzarako gomendioak eman ditu, datozen taldeek kontuan har ditzaten.

Hau izan da guztia gaurko klasean, gustuko izatea espero dugu. Ea datorren asteko taldeek zein aurkezpen ekartzen duten.

Hurren arte!

lunes, 22 de octubre de 2012

Aspaldiko!

Urriak 18

Aspaldiko, lagunak! Irailaren 27tik hemendik agertu ez garelako diogu hori. Egia esan denbora asko pasa da, eta honakoa gertatzearen arrazoiak adieraziko dizkizuegu jarraian. Urriaren 4an, modulu astea izan genuen, eta modulu lana burutzeko astean klase magistral eta praktikoak ezeztatzen direnez, IKT-ko klasea ere ez genuen ostegun horretan izan. Hurrengo astean, baina, egoera desberdina izan zen. Greba egiteko deialdia aurkeztua zen, 11x12 izena zeraman grebaren deialdia hain zuzen. Honako greba hau,Euskal Herriko ikasle mugimenduak espainiar estatuko gainontzeko nazio zapalduetako ikasle mugimenduarekin batera planteatua izan zen, Euskal Herriak behar duen hezkuntza eredu berria borrokatze asmoz. Horregatik, gure asmoa ere arlo honetan gobernuak burututako erreformen aurka borrokatzea denez, greba egitea erabaki genuen, gure eskubideak defendatu eta horien alde borrokatzeko asmoz. 


Aurreko egunetako gure ausentzia azaldu ostean, gaurko IKT-ko klase praktikoan egindakoa azaltzeari ekingo diogu. Klasea hasi bezain pronto, datozen orduetan burutuko dugunaren sintesi txiki bat egin du irakasleak, klasean aurkezpen edo hasiera gisa. Jada ikasle guztiak klasean kokatuta geundela, horrenbeste denbora klaserik gabe egon garenez, talde bakoitza banan-banan klasearen aurrera atera da eta egiten diarduten lana zein den azaltzeko gainontzeko guztiei. Talde bakoitzak, gainera, landu beharreko gaia zein den gogorarazi du, honako hauek aipatuz.
  • Power point eta prezi.- kiwiak.
  • Arbel digitala eta eskola web 2.0.
  • Infografiak eta poster digitala (gurea).
  • Bideo editazioa.- epopiak
  • Argazki editazioa.- ikuarkuntza.
  • Mapa mentalak. - kliklikatzen.
  • Sare sozialak.- txinboak.
Talde bakoitzak bere gaia eta egindakoa azaldu ostean, azken klasean landutako RSS eta "creative common" kontzeptuen informazio gehigarria helarazi digu irakasleak, guretzat informazio gehigarri gisa. Horrekin amaitu eta gero,  kontzeptu berri bat lantzeari ekin diogu, "delicious" izenez ezagutzen dena.
Delicious edo markadore sozialak, pertsona batentzat garrantzitsuak edo interesgarriak diren orrialdeak... beste pertsona batzuekin konpartitzeko aukera ematen dute, hau da, URL bat konpartitzen da eta etiketa zein deskribapen txiki bat jartzeko aukera ematen du. Honako herraminta hau, baliagarria izan daiteke gai zehatz baten inguran lanean ari garenean, beste batzueri egiten ari garenaren berri eman ahal izateko. Delicious-en inguruko azalpenarekin amaitu eta bertan saltseatzen aritu gara, hurrengo kontzeptu berria aurkeztu aurretik. Honakoa azaldu ahal izateko, tag edo etiketen inguruko artikulu interegarri bat irakurri du irakasleak, hauek gaur egun interneten duten garrantziaz ohartzeko. Honakoa irakurtzearekin batera, foksonomiaz hitz egin digu.

Kontzeptu berri hauek ezagutu eta lehen ordu erdia pasa denerako, lanean diardugun gaiarekin jarraitzeko aukera izan dugu. Horretan jardun dugu gainontzeko klase guztia. Gainera, aurkezpenak egiteko egunak adostu ditugu eta gure kasuan, arazoaren 8an aurkeztea egokitu zaigu. Hori dela eta, gogor jardun dugu lanean, glogster, wordle eta infografien inguruko informazioa bilatu eta honekin trasteatuz. Horretan jardun dugu klase guztian zehar, atsedenaldi aurretik zein ondoren.

Erlojuak 13:15 aurkezten zuenean, irakasleak, azken hamabost minutuetan burutuko dugun praktikari hasiera eman dio. Ikasle guztiei, ikasgelako txokoren batean esertzeko eskatu digu, bakarrik, gainontzeko lagun guztiengandik banatuta. Ikasle bakoitzak bere tokia hartu eta eroso jarri ostean, begiak itxi eta irakaslea kontatzen hasi dena entzuten hasi gara, esandakoaren inguruan hausnartu eta horrela, klaseari amaiera eman nahian.
:
Klase amaieran aipatu ditugun hitzak, aurretik bizi izandako egoerarekin erlazionatuta egon dira gehienbat: 

askatasuna; nahasketa; iluna; eskubideak; lotura; lasaitasuna; baketasuna; alaitasuna; argitasuna; erlajazioa; logurea; irribarrea; isiltasuna; lasaitasuna; argia; poza; ideiak; indarra; balorea; arosotasuna; gugeu; ekuadorra. 

Honekin, bada, hemendik bi astetaraino agurtzen gara, jai-egunak izango ditugu datozen bi ostegunak eta horregatik ez gara hemen arituko.



jueves, 27 de septiembre de 2012

Irailak 27...

Hemen gaude berriz ere!

Iritsi zaigu berriz ere osteguna, eta horrekin batera IKT-ko klase praktikoa. Asteko azken eguna ez badirudi ere guretzat bada, asteburua ate joka daukagu beraz! Gogotsu eta lanerako aurkitzen garenez, gaurkoan ere hemen aurkitzen gara, ordenagailuaren aurrean, klasean zehar egindakoaren berri emateko. Baditugu hainbat gauza zuekin konpartitzeko. Goazen bada, kontaketari ekitera!

Goizeko 10ak pasa bezain pronto hasi dugu gaurkoan klasea, irakaslea klasera iritsi denean hain zuzen. Ikasgaiari hasiera emateko eta blog-en norabide eta eboluzioa ikaskide guztiok ezagutu ahal izateko, talde bakoitzak bere blogaren berri eman digu gainontzeko guztiei, orain arte egin dutena, burutu dituzten aurrerapausoak... zeintzuk izan diren azalduz. Horretaz gain, talde bakoitzak bere bloga erakusteko parada izan du, aurrean geneukanaren inguruko azalpen labur bat emanez. Blogak ikuskatzen genituen bitartean, irakasleak, hobetzeko gomendioak eman dizkigu talde guztiei, laguntza eskaini asmoz. 

Jarduera txiki honekin amaitu ostean, irakasleak berak, ikasleontzat berriak ziren pare bat kontzeptu aurkeztu dizkigu, hauen inguruko informazioa bilatzera bultzatuz. Landu beharreko kontzeptuak "RSS" eta "creative common" izan dira. Hori dela eta, ikasle bakoitzak, bere kabuz, iturri desbrdinen bitartez honako kontzeptu hauen esanahia bilatzeari ekin diogu, beranduago, klase guztiaren aurrean bakoitzak bilatutakoa komentatu eta hauen definizio zehatzagoa lortzeko. Honako hauek izan dira, informazioa komunean jarri eta gero lortu ditugun definizio sinpleak:

  • RSS: XML.ren familiako fitxategi formatu bat da, albisteen webgune eta blogentzako bereziki prestatua. Harpidetzak egitearen antzeko zerbait da. Adibidez, gure taldeak egin duen bezala, "Gara" egunkariak RSS-ak egiteko aukera luzatzen duenez, hots, harpidetza egiteko parada ematen digunez, egunkari honetan harpidetu gara, horrela, egunkarian argitaratzen diren eguneko berriak blogaren eskuinaldean agertzen zaigularik.
  • Creative common: "sortu duenak libreki konpartitzen du burututako lana". Horrela laburu genezake baliabide teknologiko honen esanahia. Lizentzia baten antzeko zerbait da, honen erabileraren bitartez, gainontzeko erabiltzaileei zure lanak, informazioa... hartzeko eta erabiltzeko baimena ematen diozuna.

Definizioak argitu ostean, irakasleak, gure ikaskide den Jon-i, klasekide guztiaren aurrera ateratzeko eskatu dio, RSS bat nola sortu duen gainontzeko guztiei azaltzeko. Horrela, guztiok, harpidetzak era egoki batean burutu ditugula egiaztatu ahal izan dugu. 

Saioaren atal horri amaiera eman ostean, talde bakoitzak bere gaia lantzeari ekitea proposatu digu Alaitzek. Gure kasuan, aurreko klasean hautatutako "POSTERRAK ETA INFOGRAFIAK" gaiean arakatzeari ekin diogu, web orrialde desberdinetan, multimedia posterrak burutzeko baliabide desberdinetan erregistratu eta zenbait saiakera eginez. Datozen klaseetan izango dugun lana, horrelako posterrak eta infografiak gauzatzeko programa desberdinak, glogster, eduglogster eta wordle, kasu, aztertzea eta hauen funtzionamendua ezagutzea izango da gure lana, lanarekin amaitu ostean, klasekide guztiei gure lana aurkeztu ahal izateko. 

Klasea amaitzeko ordu laurden eskax falta zirenean, Alaitzek, "Frederick" ipuina irakurtzeko hiru boluntario eskatu ditu. Negue, Naroa eta Anderrek beraien burua horretarako prestatu ostean, proiektorearen bitartez jarritako bideoaren laguntzat, Lehen Hezkuntzako haurrentzat egokia izan daitekeen ipuin hau irakurtzeari ekin diote, guztiok, haurrak bagina bezala beraien kontaketari entzuten egon garen bitartean. 



Kontaketarekin amaitu ostean, klasearen amaiera ordua pasata zegoenez jada, gaurkoan ez dugu hitz gakorik esateko paradarik izan. Hala ere, gaur arakatzen aritu garen "wordle" aplikazioaren laguntzarekin, jarraian atxikitzen dizuegun irudia burutu dugu, lehen klase praktiko amaieran esandako hitz gakoak erabiliz.

Zuen gustokoa izatea espero dugu!

Datorren astera arte agurtzen gara...



jueves, 20 de septiembre de 2012

Aurrerantz...



Kaixo bloggeroak!


Kanpoan eguraldi ona egiten badu ere, aprobetxatu ezinik, gaurko honetan IKT ikasgaiko bigarren praktikan aurkitzen gara. Hala ere, badu bere alde ona, blog-ak sortzen eta kudeatzen ikasten ari baitgara! Martxa honetan eta denboraren joanarekin profesional bilakatuko gara!

Praktika klasea hasi bezain pronto, aurreko astean gauzatu genuen jardueren errepaso txiki bat burutu dugu, denboran eta espazioan kokatu ahal izateko.

Memoria pixka bat freskatu eta lanari ekiteko asmoz, blog bat eraikitzeko bideari ekin diogu. Lehnik eta behin, "Blogger" eta "Wordpress" plataformen arteko desberdintasunak aurkeztu dizkigu irakasleak, bakoitzaren alde on zein txarrak adieraziz. Horrekin batera, blogaren kudeaketan beharrezko suertatuko zaizkigun zenbait kontzeptu garrantzitsu definitu ditugu, orrialdeak, etiketak... kasu.

Azalpen labur honekin amaitu ostean, talde bakoitzak, bere bloga sortzeari ekin dio. Horretarako g-mail kontu bat sortu eta "blogger" aplikazioarekin lanean hasi gara. Poliki-poliki pausoak emanez, lortu dugu gure bloga sortzea! LAUPUNTOZERO du izena, taldekide kopurua eta teknologia konbinatzen duelarik!

Hona hemen gure taldearen logoa:

Haur txiki bat bere jostailuarekin bezala, guk ere blog-aren mundua arakatzeari ekin eta sarrera zein diseinua aldatzen jardun dugu. Atsedenaldi labur baten ostean, "gadget" eta "bideoak" txertatzeko pausoak ezagutu ditugu, honakoekin arakatzeko aukera emanez. 

Klasea aurrera joan den bitartean, talde bakoitzak datorren asteeta sakondu beharko duen gaia aukeratzen aritu da. Honako hauek izan dira proposatu diren gaietariko batzuk: argazki edizioa, sare sozialak, prezi eta power point, bideo edizioa. Guk aukeratutako gaia, interneten burutu daitezkeen multimedia posterrak eta infografiak izan da. Datozen klaseetan, beraz, honetan lanean hasiko gara, hauen funtzionamendu eta nondik-norakoak ezagutzeko amoz. 

Klasea amaitzear zegoela, ikasle bakoitzak, hitz gako bat esan behar izan dugu. Aipatu ditugun hitz gakoak honako hauek izan dira:

Berria, interesgarria, frustazioa, luzea, sagua, bloga, bideoa, haizea, betaurrekoak, festa, onformazioa, nahasketa, janaria, ura, esperimentatu, kiwi, blogger, airea, espaguetiak, txoria, asteburua, beroa, koloreak, denbora.


Esperimentatzen...


Egunon Bloggeroak!

Zer berri? Guk gaurkoan, honakoa dugu zuekin konpartitzeko:

Aurreko saioan, hots, lehen praktikan, irakasleak IKT ikasgaiaren nondik norakoak azaltzen hasteko, " Kilikatik" deituriko bloga aurkeztu zigun. Horrekin batera eta bertan aurkitu genezakeen kronogramari jarraituz, lau kideez osatutako talde bakoitzak lauhilabetean zehar burutu beharreko lanak ohartarazi zizkigun.

Ondoren, honako abesti hau entzun genuen eta helarazten zizkigun sentimenduei jarraiki, ERRESISTENTZIA eta BALORE bat aukeratu behar izan genuen, banaka lehendabizi eta ondoren taldean adostuz. Guk hautatutako erresistentzia, DISTRAKZIOA izan zen eta balorea, aldiz, ERANTZUKIZUNA


Erlaxazio momentu honekin bukatu ostean, teknologia erabileraren inguruko zenbait galdera erantzun behar izan genituen, taldekide bakoitzaren ekarpenak kontuan hartuz, eta honekin aurkezpen kreatiboa egin behar izan genuen. Eta a zer nolako aurkezpenak!!! Guk bai irudimena!!! Txotxongiloak batetik, telesaioa bestetik...eta ez hori bakarrik! Talde batek bere urduritasunak alde batera uzteko, bolondresak eskatu eta haiei aurkezpena egitea eskatu zieten. Denetarik ikusteko aukera izan genuen eta egia esan momentu dibertigarria bizi genuen.

Amaitzeko, kontratu didaktikoa sinatu behar izan genuen talde guztien artean:

"Ekintza dinamikoak eta desberdinak burutu bakoitzaren izaera errespetatuz, distrakzioak ekiditeko"

Klase bukaeran zertan pentsatzen dugun jakin nahi? Hona hemen aipatu ziren hitz gakoetako batzuk:
  • Parranda
  • Alaitasuna
  • Gosea 
  • Irribarra
  • Gogoak 
Ikus dezakezuen bezala, uda jadanik joan bazaigu ere gu beti lanari ekiteko prest!

Hurrengora arte,

4.zero